Muga / 2017
Muga marraren gaineko esplorazio geografikoa da lan hau. Muga tokietan paisaiaren eta lurraldearen artean sortzen den tentsioa neurtzeko saioa. Izan ere, marra fin eta zenbaitetan ikustezin hori da lurra lurralde bihurtzen duena, eta bi ideia hauen arteko talkak pizten ditu mugek sortzen dituzten gainerako tentsio guztiak.
Mugak ez dira betidanik hor eta ez dira beti berdin. Ezagutzen dugun paisaia ere aldatu egiten da, aldatu egiten dugu. Alde horretatik, mugak eta paisaiak kontzeptu arbitrarioak dira biak ala biak, gizarteen arabera aldatzen direnak. Norbanakoen artean ere modu desberdinean ulertzen ditugu bi ideia horiek.
2014an lan hau egiten hasi nintzenean, baldintza bat jarri nion nere buruari: irudi bakoitza egiteko momentuan argazki makinak muga marraren gain-gainean egon behar zuen derrigor. Ikuspuntu eta teknika desberdinak erabili ditut argazkiak egiteko baina baldintza hori errespetatuz beti ere. Hala, irudietan agertzen diren paisaia guztiak erdi-erditik zatitzen ditu mugak.