Photoperiodism / 2018
Argi aldaketen aurrean landareek erantzun fisiologiko bat emateko duten gaitasunari deritzo fotoperiodismo. Udazkenean, argi orduak ttikitzen hasten direnean, zuhaitzek neguaren hurbila somatuko dute eta hostoak erortzen utziko dituzte izoztu ez daitezen. Udaberrian, aldiz, eguna luzatzen hastearekin batera hosto berriak sortuko dituzte berriz ere. Fenomeno honen lekuko izateko asmoarekin espresuki egindako kamera estenopeiko batzuk erdi-lurperatu ditut oihanean arboletako adarrei begira. Guttienez sei hilabete iraun du argazki bakoitzaren esposizioak. Tarte horretan bi aldiz ireki dut obturadorea, neguan lehendabizikoz eta uda betean gero. Argiaren eta zuhaitzen arteko harreman hori aitzaki gisa hartuta, argazkigintzaren bi zutabeak zalantzan jartzeko saioa izan da proiektu hau: argia eta denbora.
Alde batetik, jakina da argiak sortzen dituela gure begiekin ikusten ditugun formak, eta argazkilariak forma horietako batzuk aukeratu behar dituela bere irudia osatzeko. Enkoadratzea deitzen diogu ekintza horri. Argazki hauek egiteko erabili dudan metodoak, ordea, premisa hori erdizka baizik ez du betetzen. Lehenengo esposizioan enborrak eta adarrak biluzik ageri ziren zeruaren azpian, baina bigarrengoan elementu berri batzuk agertu dira; hostoak. Aurreikusi zitekeen etorriko zirela, bai, baina ezin ziren ikusi. Hortaz, hostoak argazkilariaren kontroletik ihes egiten duten forma berri bezala gehitzen dira irudira, azken emaitza ausazko modu batean eraldatuz. Hostoen agerkunde fantasmagoriko honek argazkigintzaren bertze oinarria oroitarazten dute: denborarena.
Denbora geldiarazteko eta istantea betikotzeko saiakera da argazkiak egitea. Argazkilariak denbora tarte bat aukeratu beharrean ikusten du bere burua, betirako gorde nahi duen unea zein izanen den erabaki behar du. Erabaki hau bereziki garrantzitsua da, adibidez, fotokazetaritzan (ez nahas fotoperiodismoarekin). Proiektu honetan prozesu hori ere zalantzan jarri nahi da, argazkian ageri den paisaia ez baita istant baten erakusgarri, birena baizik. Elkarrengandik urruti dauden bi une bateginik ageri dira irudi hauetako bakoitzean. Denbora lerro jarraiaren nolabaiteko haustura suposatzen du honek, bi istant hoien bitartez denbora luze baten sintesia irudikatzen den aldetik. Honek, aldiberean, landareekin eta argiarekin zerikusia duen bertze prozesu bat ekartzen ahal digu gogora; fotosintesia. Eta egia erran, argazki serie honentzat izenburu egokia litzateke hori ere.