Gaztainaundi / 2005

Gaztainaundi deitzen diote etxekoek. Inork ez daki xuxen zenbat urte dituen, “500-600 bat bai” dio aitonak. 1982an erori zen, eta orduztik gaztainondo honen enborrak baserriari begiratzen dio lurretik.

Zuhaitza oraindik zutik zela, 13 gizon larri sartzen ziren haren barrenean. Eta bueltan-bueltan enborra inguratzeko 7 lagun behar omen ziren bata bertzearen eskutik helduta. Soro baserriko belaunaldi guztiek kontatzen dituzte zuhaitz erraldoi honen inguruko istorioak. Familiako argazki guziak arbolaren magalean atera izan dituzte betidanik. Hamaika bataio, ezkontza eta ospakizunen testigu izan da gaztainhaundi. Argazki guztietan ageri da, familiako bat gehiago balitz bezala.

Orain lurrean etzana dago, baina azken hatsarekin, begirada itzuli nahi izan die Sorotarrei. Adin batekin gauzak errazago entenditzen direnez, aitonak segituan ulertu du: “orain arte beti guk atera dizkiogu berari argazkiak, eta orain berak aterako digu guri”.