Mendebalde / 2018

Euskal Herriko baserriek ekialdera begira izaten dute gehienetan fatxada nagusia, edo hego-ekialdera bestela, eguzkiaren argia eta beroa ahalik eta ordu gehienez aprobetxatzeko moduan. Baserriaren “atzealdea”, aldiz, mendebaldera izan ohi dute, eguraldi zakarra eta haizea datozen tokira. Lan honetan baserrien mendebaldeko fatxadak ageri dira bakarrik, nire gustorako aski sugerenteak baitira euriak, haizeak eta azken finean denboraren joanak apaindu dituen horma soil eta sendo horiek.

Desagertze bidean dauden hizkuntzak, tradizioak, langintzak edo arkitektura moduak dokumentatzeko urgentziaz bizi da gure belaunaldia. Euskal Herriko baserria da desagertzeko arriskuan den gauza horietako bat eta azken hamarkadetan hainbatek zuzendu ditu begiak eta zentzuak herri-arkitektura horren baitan dagoen jakintza guztia biltze aldera. Dokumentazio lan horren eraginez, baserriaren irudi zehatz bat eraiki dugu gure imaginario kolektiboan; leiho, balkoi eta atari ederrez hornitutako aurreko fatxadarena. Hortaz, argazki hauetan ageri denak seguraski ez du bat eginen burutan dugun euskal baserriaren irudiarekin, eta hain zuzen ere, errealitatearen eta pertzeptzioaren arteko haustura-tarte horretan kokatu nahi izan dut argazki serie hau.