Plaza Libreak / 2012

Argazki serie hau egiteko pilota plaza desberdinen tipologiak behatu eta erretratatzen hasi nintzen, batez ere arkitekturaren eta paisaiaren artean sortzen den elkarrizketari erreparatuz. Bilaketa estetiko horrek soilik plaza libreak aukeratzera eraman ninduen hondarrerako, harrigarria egiten baitzait hain arkitektura soilak, diedroak, hainbertzeko indar sinbolikoa biltzea bere baitan eta halako funtzio sozial garrantzitsua betetzea.
Aunitz idatzi da frontoien eskultura izaeraz, zentzu honetan bereziki ezagunak dira Jorge Oteizaren erranak, pilotalekua euskal “hutsaren” paradigma gisa aurkezten baitzuen. Argazki hauek egiterakoan, ordea, paisaian irekitzen den ate edo leiho baten gisa aztertu dut pilotalekua, aldiberean herri baten memoria kolektiboari begiratzen dion leihoa ere izan daitekena.
Argazki seriea bukatzen ari nintzela jakin nuen Pena Gantxegi arkitektu gipuzkoarrak ere antzeko ikusmoldea garatu zuela pilotalekuen inguruan. Bere ideiak Oiartzungo hilerrian gauzatu zituen maixuki, frontis itxurako pareta bat jarri zuen kanposantuko harresiaren gainean, erdian zulo haundi bat duela, bertatik kanpoko paisaia ikusteko moduan. Bizien eta hilen munduak uztartzen dituen leihoa.

 

https://vimeo.com/76952130